
Erreklamazio ekonomiko administratiboak idazkien bitartez hasten dira, eta ez dute berariazko eredu edo formulariorik bete behar. Hala ere, legeetan ezarritakoari jarraituz, erreklamatzailea eta erreklamatu nahi den ekintza edo jarduera identifikatu beharko dira idazkian eta, halaber, jakinarazpenetarako helbidea adierazi eta erreklamazioa zein auzitegitan ipini den azaldu beharko da. Horrenbestez, jarraian azaldu diren ereduak orientagarriak baino ez dira, eta erreklamatzaileek ez dute horiek erabiltzeko beharrik.
Bi modu daude erreklamazio ekonomiko administratiboak ipintzeko: Erreklamatzaileak, nahi izanez gero, bidezko alegazioak egin ditzake erreklamazio ekonomiko administratiboa ipintzeko idazki berean, eta egokitzat jotzen dituen froga eta agiriak azaldu. Bestela, Auzitegiak espedientea ikusteko, alegazioak aurkezteko eta froga proposatzeko epea irekiko dela jakinarazten dionean egin dezake tramite hori, geroago.
Kontuan izan behar da alegazioak erreklamazioa ipintzeko idazkian bertan azaltzeak (oinarri dituen gertakari eta arrazoibideak azalduz) alde on hau duela: Nabarmen laburtzen da aurkeztutako erreklamazioaren tramitazio-aldia.
Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak eta abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak ezarritakoa betetzearren, erreklamatzaileei jakinarazi behar zaie erreklamazioak ipintzean emandako datuak, bai eta, indarrean dauden legeen arabera, bestelako erakunde publiko zein pribaturen batek erreklamazioa ebazteko laga eta bildutakoak ere, fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Zerga Administrazioko Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna, eta horren aurrean erabili ahal izango dira datuak ikusi, zuzendu, ezeztatu eta aurka egiteko eskubideak.
1.- Erreklamazio ekonomiko-administratiboa hasteko idazkiak.