
Gida hau dibulgazio-dokumentua da, eta une jakin batean erreklamazio ekonomiko-administratibo bat jarri nahi duten herritarrei laguntzen die; hortaz, gidak informazio-helburu hutsa du. Ez ditu zehatz-mehatz jaso nahi ekonomia-administraziozko prozeduraren gorabehera eta aldaera guztiak, eta bere edukia ez da arau-emailea. Zalantza izanez gero, ikono honen bidez irits daiteke erreklamazio ekonomiko-administratiboak erregulatzen dituen arautegira:
AURKIBIDEA.
1. Inpugnazio-egintzaren izena
2. EEAEan erreklama daitezkeen egintzak
3. Erreklamazioa aurkezteko epea
4. Erreklamazioa aurkezteko era
5. Erreklamazioa aurkezteko lekua
6. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa egiteko prozedura
7. Erreklamazioaren xede den egintza bertan behera uztea
8. Prozedura ekonomiko-administratiboa amaitzea
9. Erreklamazio ekonomiko-administratiboaz erabakia hartzeko epea
10. EEEAren erabakiaren ondoko jarduerak. Errekurtsoak
:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::.
1.-Inpugnazio-egintzaren izena.
Erreklamazio ekonomiko-administratiboa.
2.-EEAEan erreklama daitezkeen egintzak.
EEAEk jakin eta erabakitzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak (Eusko Jaurlaritzak) edo bere erakunde autonomoek emandako egintzen aurka jarritako erreklamazio ekonomiko-administratiboak.
Besteak beste, egintza hauek dira Epaitegian erreklamatzeko modukoak:
- Euskal Autonomia Erkidegoko zergen eta zuzenbide publikoko gainerako diru-sarreren aplikazioen ondoriozko behin-behineko eta behin betiko likidazioak.
- Zerga-zehapenak ezartzeko egintzak.
- Zuzenbide publikoko diru-sarreren nahitaezko bilketa-prozeduran emandako egintzak, sarrerak zergazkoak edo bestelakoak izan (adibidez, trafikoko zehapen-espedienteetatik ondorioztatutakoak).
- Finantza-zuzendariari aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoez hartutako erabakiak.
Honako hauek, berriz, ez dira Epaitegi Ekonomiko-administratiboan erreklamagarriak.
- Zergazkoak ez diren zehapenak ezartzeko egintzak (adibidez, zirkulazio-isunak, ordaintzeko borondatezko aldian).
- Erreklamazio ekonomiko-administratibotik baztertzen dituen lege baten arabera emandakoak.
- Bide judizial zibil edo lan arlokoari heldu baino lehen administrazio bidean erreklamazioa eskatzen dutenak edo bide hau amaitzen dutenak.
3.-Erreklamazioa aurkezteko epea.
Erreklamazioa aurkezteko epea hilabetekoa da.
Epearen zenbaketa:
- Aurka egin zaion egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatu behar da epea, edo administrazio-isiltasunaren ondorioak gauzatu eta hurrengo egunetik.
-Erreklamazio ekonomiko-administratiboa egin baino lehen berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, eta hilabete bat igaro bada jarritako berraztertze-errekurtsoaren erantzuna jaso gabe, errekurtsoa ez onartutzat jo ahal izango da, eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri; hala ere, berraztertzeko errekurtsoari buruzko berariazko erabakia hartu arte itxarotea ere aukerakoa izango da.
-Aldizkako epemuga duten eta jakinarazpen kolektibokoak diren zorretan, errekurtsoa jartzeko epea ordaintzeko borondatezko aldia bukatu eta hurrengo egunetik zenbatuko da. (abenduaren 17ko Tributuen 58/2003 Lege Orokorreko 235.1 artikulua)
4.-Erreklamazioa aurkezteko era.
Erreklamazioa idazki bidez egiten da, erreklamaziogileak edo bere ordezkariak sinatzen du (ez da beharrezkoa abokaturik edo prokuradorerik izatea), eta idazkia ez dago eredu edo formulario espezifiko bati lotuta, baina gutxieneko eduki jakina izan behar du, eta komeni da egitura honi egokituta egotea:
Idazpurua:
1.-Komeni da lehenik eta behin adieraztea erreklamazio ekonomiko-administratibo bat dela, eta Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegiak erabaki behar duela.
2.-Zein administrazio-organori zuzentzen zaion: erreklamazio ekonomiko-administratiboaren xede den egintza eman duena.
Edukia:
1.- Erreklamaziogilearen identifikazioa:
Gutxienez, datu hauek adierazi behar dira:
Izena
Abizenak edo sozietatearen izena
IFZ
Ordezkariaren datuak, norberaren izenean agertu ezean. Kasu horretan, ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Hala eta guztiz ere, ordezkaritza "apud acta" ere eman ahal izango da EEAEko idazkariaren aurrean.
2.-Jakinarazpenak jasotzeko helbidea.
Gerora helbidea aldatuz gero, helbide berria ere jakinarazi behar da, baliagarriak baitira helbide zaharrera bidalitako jakinarazpenak, berrira egindako aldaketa jasota egon ezean. Era berean, komeni da harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoaren helbidea ere adieraztea.
3.-Zein egintzari egin zaion aurre.
Hauek identifikatu behar dira:
Aurka egiten zaion administrazio-egintza zehatza.
Egintza agindu duen administrazio-organoa.
Espediente-zenbakia.
Komeni da, kasu guztietan, aurka egin zaion egintzaren fotokopia bidaltzea, identifikazioa errazagoa izan dadin.
4.-Alegazioak:
Baliteke idazkia, soil-soilik, aurka egin zaion egintzaren kontrako erreklamazioa jarritakotzat jo dadila eskatzeko baino ez izatea, baina, gainera, alegazioak jaso ditzake, probak proposatu, eta egoki jotzen diren dokumentuak bildu.
Alegazioak, probak eta dokumentuak jasotzeak nabarmen labur dezake erreklamazioa tramitatzeko denbora, zeren eta erreklamaziogileak espedientea, alegazioak eta proba agerian jartzeko tramiteari uko egin diola ulertuko da, aipatu tramitea berariaz eskatu ezean.
Alegazioak egiten badira, eta ez bada aldez aurretik aurkeztu berraztertzeko errekurtsorik, egintza eman zuen administrazio-organoak berak osorik edo zati batean ezeztatu ahal izango du aurkatutako egintza, alde batera utzi gabe erreklamazio ekonomiko-administratiboa dela, eta behin betiko erabakia Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegiari dagokiola.
Eskaera:
Dokumentuaren azken zatian adierazi beharko da erreklamazioaren helburua zein den, hain justu ere, aurkatutako administrazio-egintza osorik edo zati batean ezeztatzea.
5.-Erreklamazioa aurkezteko lekua.
Komeni da erreklamatzen den administrazio-egintza eman duen administrazio-organoaren egoitzan bertan edo bere bulego batean aurkeztea errekurtsoa jartzeko idazkia, tramitazioa lasterragoa izan dadin. Administrazio-organoak ez badu hilabeteko epean bidali epaitegira erreklamazioa jartzeko idazkia, erreklamazioaren xede den espedientearekin batera, aski izango da erreklamaziogileak epaitegian idazki horren kopia zigilatua aurkeztea, erreklamazioa tramitatu eta erabakia hartu ahal izateko.
Aurrekoa gorabehera, erreklamazioa Eusko Jaurlaritzaren edozein erregistrotan edo posta-bulegoetan aurkeztu ahal izango da, hala nola Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako lekuetan.
6.-Erreklamazio ekonomiko-administratiboa egiteko prozedura.
Prozedura honela garatuko da:
1.-Epaitegiak, espedientea jaso ondoren edo, bestela, kudeaketa-organoari egindako eskaera bidez, espedientea osatu ondoren, agerian jarriko du hilabete batez, errekurtsoa jartzeko idazkian alegaziorik egin ez duten interesdunentzat, edo, alegaziorik egin badute, tramite hori gauzatzeko berariaz eskatu duten interesdunentzat.
Epe horretan aurkeztu beharko dira alegazioak, froga egokiak proposatu eta azaltzearekin batera.
2.- Epaitegiak txostena eskatu ahal izango dio aurka egin zaion egintza eman zuen organoari, argitu behar diren kontuak argitzeko. Hori egiten duenean, txostena erreklamaziogileari helarazi beharko dio, haren aurkako alegazioak aurkez ditzan.
3.- Onartutako frogak egingo dira.
4.- Erreklamazio-idazkian egindako alegazioek edo interesdunak gehitutako dokumentuek erabakia hartzeko beharrezko datu guztiak egiaztatzen badituzte, edo egiazkotzat har badaitezke, edo datuen ondorioz begi-bistakoa bada erreklamazioa ezin onartuzkoa dela, Epaitegiak aukera izango du aurreko ataletan aipatutako tramiteak baztertuta uzteko.
5.- Prozedura tramitatu bitartean, zenbait kontu intzidente-arazo gisa planteatu ahal izango dira, hain zuzen ere, aferaren funtsa izan gabe, prozedurarekin edo prozeduraren baliozkotasunarekin zerikusia duten gaiei buruzkoak, betiere, haien gaineko erabakia aldez aurreko eta beharrezko baldintza bada erreklamazioa tramitatzeko; erabaki hori, gainera, ezingo da atzeratu aferaren muinaz zerbait erabaki arte. Ezingo da errekurtsorik jarri intzidentea amaiarazten duen erabakiaren aurka.
7.-Erreklamazioaren xede den egintza bertan behera uztea.
Oro har, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzeak ez du galarazten aurka egin zaion egintza betetzea.
Hala ere, diru bilketa-organoak eten egingo du errekurritutako egintza betetzea, baldin eta erreklamaziogileak hori egiteko eskatzen badio, eta zorraren printzipalaren zenbatekoa, eteteak sor ditzakeen berandutze-interesak eta ezar daitezkeen errekarguak bermatzen baditu, eta eratutako bermea justifikatzen duten dokumentuak eta jadanik aurkeztutako erreklamazio ekonomiko-administratiboaren eta erreklamatutako egintzaren kopia aurkezten baditu.
Era berean, erreklamazio ekonomiko-administratiboa egin baino lehen berraztertzeko errekurtsoa jarri bazen, eta etena eskatu eta lortu bazen, etenak erreklamazio ekonomiko-administratiboaren fasean ere iraungo du, betiere, interesdunak hala eskatu bazuen, eta emandako bermeak nahikoak badira.
Exekuzioa automatikoki eteteko aukera ematen duten bermeak hauek dira:
" Dirua edo balore publikoak gordailutzea.
" Kreditu-entitate edo elkarren bermerako sozietate baten abal edo fidantza solidarioa, edo aseguru edo kauzio ziurtagiria.
" Fidantza pertsonal eta solidarioa 1.500 eurotik gorakoak ez diren zorrentzat, eteteko eskatzen den bilketa-prozeduran interesik ez duten bi pertsona fisiko edo juridiko badira fidatzaile, eta horiek beren zerga-betebeharren jakinaren gainean badaude, eta beren egoera ekonomikoak etendako zorraren ordainketa beren gain hartzeko aukera ematen badie. Ematen den dokumentuan, fidatzaileak solidarioak direla adierazteaz gain, zatiketa- eta eskusio-onurei berariaz uko egiten zaiela jaso beharko da.
Salbuespen gisa, erreklamazioa zerga-zehapen bati buruzkoa bada, horren gauzatzea automatikoki etengo da erreklamazio ekonomiko-administratiboaren ondorioz, inolako bermerik aurkeztu behar izan gabe, eta etena eskatu behar izan gabe.
8.- Prozedura ekonomiko-administratiboaren amaiera.
Prozedura amaitzeko erarik ohizkoena ebazpena da, eta erabaki hori Epaitegiaren Akordioa izango da. Akordioa baieste-epaia izan daiteke, eta aurka egin zaion egintza guztiz edo zati batean ezerez dezake; eskatutakoaren ezeste-epaia ere izan daiteke, aurka egin zaion egintza zuzenbidearen araberakoa dela uste izatearen ondorioz; akordioak, azkenik, erreklamazioa ezin onartuzkoa dela adierazi ahal izango du.
Erreklamazioa ezin onartuzkotzat joko da kasu hauetan:
-Bide ekonomiko-administratiboan erreklamazioa egiteko edo errekurtsoa jartzeko aukerarik ematen ez duten egintzen edo erabakien aurka egiten bada.
-Erreklamazioa epez kanpo aurkezten bada.
-Erreklamazioaren xedea den egintza edo jarduketa identifikatzen ez bada.
-Errekurtsoa egiteko idazkian jasotako eskaerak ez badu zerikusirik errekurritutako egintza edo jarduerarekin.
-Legitimazio- edo ordezkaritza-akatsak badaude.
-Egintza irmo eta onartu bat badago, eta hori erreklamazioaren xede den egintzaren oinarri esklusiboa bada, behin betikoak eta irmoak diren aurreko beste egintza batzuk errepikatzen dituzten egintzen aurka egiten bada, edo onartutako beste batzuk baiesten dituzten egintzen aurka, hala nola gauza epaitua baldin badago.
Badaude prozedura amaitzeko beste bide batzuk: erreklamazioaren oinarrian dagoen eskubideari uko egitea; eskaeran edo instantzian atzera egitea; hura iraungitzea; edo prozesuz kanpo ados jartzea. Horrelakoetan, Epaitegiak arrazoituz erabakiko du jarduketak artxibatzea.
Epaitegiaren erabakiak interesdunei, organo likidatzaileari edo, hala egokituz gero, organo zehatzaileari eta dirubilketa organoari jakinaraziko zaizkie.
9.- Erreklamazio ekonomiko-administratiboaz erabakia hartzeko epea.
Erabakia hartzeko epe orokorra urtebetekoa da, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen denetik kontatzen hasita.
Urtebeteko epea igaro eta erreklamazioaz erabakirik hartu ez bada, ezetsitzat jo ahal izango da, administrazioaren isiltasunagatik, eta interesdunak administrazioarekiko auzi-bidera jo ahal izango du, edo Epaitegiak erreklamazioa berariaz erabaki arte itxaron.
10.- EEEAren erabakiaren ondoko jarduerak.
Epaitegiak hartutako erabakiak zuzenean errekurritu ahal izango dira administrazioarekiko auzi-bidean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, berariazko erabakia jakinarazi eta bi hilabeteko epean, edo, administrazioaren isiltasuna gertatzen bada, erreklamazioa ezetsitzat jo eta sei hilabeteko epean.
Erabakiak erreklamazioaren asmoak osorik edo zati batean baiesten baditu, interesdunak aurka egin zaion egintza eman zuen organora jo ahal izango du, Epaitegiaren erabakia hark adierazi bezala bete dezan.
Erabakia ezeste-epaia bada, eta egintzaren betetzea etenda bazegoen, interesdunak bilketa-organora jo dezake, daukan zorra kitatzeko.