Euskal Autonomia Erkidegoak zergen eta finantzen eremuetan duen sistemak, foru lurraldeen eskubide historikoetatik eratorriak, berezko ezaugarriak ditu. Sistemaren berezitasuna, Espainiako Konstituzioaren Lehengo Xedapen Gehigarriak aitortua, Autonomia Estatutuan jaso da eta bertan ezartzen da zerga eta finantza alorretan Estatua eta Euskadiren arteko harremanak Ekonomia Ituna foru sistema tradizionalaren bidez edo Hitzarmenen bitartez arautuko direla.
Oraingo Ekonomia Itunak (pdf, 2 Mb) (maiatzaren 23ko 12/2002 Legea, 2002/05/24 BOE) bere I. Kapituluan zerga harremanei buruzko nondik norakoak jasotzen ditu, II. Kapituluak finantza-harremanak aztergai dituela.
Ekonomia Ituna dela bide, Euskadik berezko zerga-sistema dauka, eskuarki estatuetako zerga-administrazioek baino ez dauzkaten arautzeko eta kudeatzeko eskumenak dituena. Dena dela, Itunean bertan jasotzen dira zerga-harmonizaziorako arauak, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistema eta Espainiako gainerakoak elkarri egokitzearren.
Euskadiren zerga-eskumena hiru herrialde historikoetako erakundeetan datza, hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetan. Hala ere, Eusko Legebiltzarraren esku dago zerga-koordinazio, harmonizazio eta lankidetzako arauak onartzea. Ahalmen horiek erabilita, Eusko Legebiltzarrak 3/1989 Legea onartu zuen, horren bidez garatu ziren helburuak eta eratu Euskadiko Zerga Koordinazioko Organoa. Organo horretan Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundietako ordezkariak daude, eta hiru herrialdeen arteko koordinazioa, lankidetza eta harmonizazioa bilatzea du helburu. Sistema osatzen duten zerga guztiak foru ogasunetatik bildu eta kudeatu egiten dira, Itunaren arauetan ezarritako baldintzetan.
Arauen ikuspuntutik, eta zuzeneko zergei dagokienez, EAEk berezko zergak ditu, hala nola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga, Ondare Zerga eta Oinordetza eta Dohaintza Zerga. Era berean, Ekonomia Itunak foru ogasunei eskumena ematen die Egoiliarrak ez direnen Errentaren gaineko Zergaren ordainarazpenarako, Estatuaren araudi berbera aplikatu behar dutelarik; Euskadin establezimendu iraunkorra dutenen ez egoiliarrentzat izan ezik, kasu honetan foru ogasunek arautzeko eskumenak dituzte eta Sozietateen gaineko Zergaren arau berberak aplikatzen dituzte.
Zeharkako zergei dagokienez, bi zerga handien arteko harmonizazio-maila ia erabatekoa da (Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Zerga Bereziak), zerga horien izaerak berak hartara behartzen baitu; gainera, Europako Batasunean ere harmonizaturik daude. Hori horrela, foru ogasunen eskumenak zergaren kudeaketaren alderdi jakin batzuetara mugatzen dira. Aitzitik, zeharkako zergetan hirugarrena diru-bilketan, hots, Ondare Eskualdaketen eta Agiri bidezko Egintza Juridikoen Zerga, euskal erakundeen esku geratzen da hein handi batean.
Itundutako Zergek daukaten pisuaren berri jakiteko ikusi besterik ez dago daukaten diru-bilketaren kopurua.
Euskadiko finantzaketa-sistemaren ezaugarri nagusia da gai dela bere zerga sistema osatzen duten zerga gehienak, ia guztiak, biltzeko, baita Autonomia Erkidegoaren erakundeei eskualdatu ez zaizkien gaietan Estatuaren gastuak finantzatzeko kontribuzioa emateko ere. Euskadik Estatuari ematen dio kontribuziak Kupo izena du.
Ekonomia Itunaren II. Kapituluak Estatuaren Administrazioarekiko finantza-harremanak arautzen ditu, horien printzipio nagusiak honako hauek direla:
Kupoa kalkulatzeari dagokionez, Ekonomia Itunaren arabera bost urtetan behin, lege baten bidez, ezartzeko metodologia ezarriko da.