Eusko Jaularitza

Ogasun eta Herri Administrazio Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskal Ekonomia
  4.  
  5. Euskal Politika
  6.  
  7. EAEko Lurralde Kohesioko Politika
  8.  
  9. Izartu 2004-2008

Gure azkenengo berriak jaso nahi badituzu, harpidetu

Politica CAE

Izartu 2004-2008

Euskadiko gizarte eta lurralde kohesioak bultzada handia izan zuen gobernu ekintzari Izartu programa gaineratu zitzaionean. Izan ere, programa hori egoera okerrenean dauden eremuetarako diskriminazio positiboan oinarritzen da.

Euskadi 2000Hiru ekimenaren testuinguruan, eta Eusko Legebiltzarrak 1999ko maiatzaren 14an onartutako Jarraibideen ildotik, erakunde arteko planetan lurralde osagaia gaineratzeari buruzko legekoa ez den proposamena egin zen, aplikazioetan lurralde kohesio handiagoa lortzeko. Ez-legezko proposamen horretan, egoera okerrenean dauden eremuetara bereziki zuzenduko diren ezohiko funtsen zuzeneko ekarpen gisa planteatu zen Izartu, betiere gizarte elkartasuna eta lurralde kohesioa lortzeko xedeaz.

Lehen deialdian 2001-2005 aldirako finkatu zen Hirialdeak Biziberritzeko Plan Osoak bete du bere lehen erdia. Haatik, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazioko Sailak programa berriro abian jartzea erabaki du. Horretarako, kontuan hartu dira ebaluazioen bitartez lortutako emaitzak, udal arduradunek emandako aldeko iritziak, eta, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gisa honetako ekimen integralek gobernu ekintza eraginkorra sortzen dutela –neurri handi batean bederen–. Izan ere, programak herriz herri eman dituen emaitzek areagotu egin dute eskaria, eta bigarren fase honi hasiera ematea eragin dute. Bigarren fase horrek 109 milioi euroko diru-kopurua izango du.

2004-2009 aldirako ezarritako Izartu II programa ikuspegi zehatzagotik diseinatu da, lurraldean izango duen islari dagokionez. Izatez, auzoetan edo hiri barrutietan esku hartzea aurreikusi da. Horrela, eskualde mailan edota udal mailan egindako planteamenduan –Izartu Ien kasuan– agerikoak ez ziren arazoak maila zehatzago horretan jaso eta gainditu ahal izango dira. Dena dela, esku hartze integraleko programa izaten jarraitzen du, eta biziberritze sozio-ekonomikoko eta hiri birsorkuntzako parametroetan oinarritzen da oraindik ere, baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei laguntza osagarria emateko parametroetan ere. Izatez, hiri, ingurumen eta gizarte arloko azpiegitura publikoetan hautematen diren defizitak eta diru?gabeziak gainditu nahi dira, defizit horiek ekonomia krisialdi latzenetik eta hainbat hamarkadatan jasan genuen industria ereduaren aldaketatik irauten dute eta.

Gaur egungo aldaketen azkartasunak gure enpresetan eta antolakundeetan ez ezik, gure herrietan eta hirietan ere eragina du. Hortaz, udal arduradunek tresna berriak behar dituzte, eta hainbat norabidetara bideratu behar dituzte baliabideak; azken finean, gure herriek eta hiriek sasoi berriei ahalik eta baldintzarik onenetan aurre egitearen alde lan egin behar dute udal arduradunek.

Garapenerako beste aukera batzuk erakartzeko ahalmena eta lurraldea bera funtsezko giltzarriak dira hazkunde ekonomiko positiboa sustatzeko. Izartu programaren bigarren deialdi horretan helburu nagusienetako bat Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei laguntzea izango da, udalerriek hazkundearen dinamika berrietara egoki ditzaten espazioa, habitata, bizi kalitatea, eta lurraldearen erakargarritasun sozio-ekonomikoa.

Udalerri batek egoera txarrean dauden hiri eremu defizitarioak baditu, eta objektiboki Izartu programaren laguntzaz balia daitekeela pentsa badaiteke, biziberritze sozio-ekonomikoko eta lurralde birsorkuntzako programa integralak aurkeztu ahal izango ditu Udalak.

Tokiko arazoak zehazten dituzten faktoreak agertzea –faktore horien intentsitatea kontuan hartuta– eta planteatutako programa integralaren egokitasuna baliagarriak izango dira programa bakoitzari eman beharreko laguntza ezartzeko eta, kasuak kasu, Jaurlaritzak bere gain hartuko duen finantzaketako partaidetza finkatzeko, prozesu arautu eta garden baten bitartez.

Izarturentzat oinarrizkoa da tokian-tokian finkatzea programa lantzeko zeregina, bere estrategia, helburu eta jardunen integrazioa, eta horiek garatzea eta gauzatzea. Aldi berean, eta beste ikuspegietan ez bezala, programa horretan garatu beharreko esku hartzeak ez dira sektoreko jardun bereiziak izango –udalaz gaindiko erakundeen eskumeneko jardunak–, programa integratuak baizik –oso-osorik bideratuko direnak eta udal arduradunek kudeatuko dituztenak–.

Udalen hainbat arlotako jardun koordinatua funtsezkoa da Izarturentzat, baita udalaz gaindiko erabaki mailak integratzen dituen eta, halaber, tokiko eragile ekonomiko eta sozialen parte hartzea bideratzen duen gogoeta estrategikoa ere. Izan ere, oinarrizko printzipio horiei esker, Izartu programak udalerri bakoitzaren berezko premiei erantzun ahal izango die, eta uste osoa dugu printzipio horiek ekimen honen arrakastan zeresan handia izango dutela.

Orokortasuna gogoan izateak eta tokian tokikoan jarduteak, betiere elkarlanaren ildotik, erraztu egiten du gizarteak eta ekonomiak aurrera egin dezaten. Horrenbestez, gure herriek eta hiriek datozen urteetan hazkunde harmonikoa eta kohesionatua izan dezaten sustatuko dute aurreko jarrera horiek.

 

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN
Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea / Ogasun eta Herri Administrazio Sailburua